Herritarren ohiturak eta agertzen ari diren kutsatzaileak

Lankidetzazko proiektu honetan 8 erakundek hartzen dute parte

 

  • Uraren Euskal Agentzia (URA)

  • Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa

  • Gasteizko Udal Urak (AMVISA)

  • Añarbeko Urak

  • Arabako Errioxako Ur Partzuergoa

  • Busturialdeko Ur Partzuergoa

  • Kantauriko Urkidetza

  • Txingudiko Zerbitzuak

 

Ekimena Euskadiko Ingurumen Klusterrak, Aclimak, koordinatzen du, eta haren xedea da ‘hiri-arroetako kutsadura lausoaren’ erronkari aurre egitea; hau da, etxeetan eta hiriguneetako hirugarren sektorean sortzen diren kontrolik gabeko isurketei aurre egitea, eragin zuzena baitute urak saneatzeko eta tratatzeko sistemetan eta ingurune hartzailera isurtzen denaren kalitatean.

habitos-ciudadanos


 

 

Hondakin kutsatzaileak, batik bat, tratatu gabeko hondakin-uren bidez eta hondakin-uren araztegietako efluenteen bidez sartzen dira ingurumenean. Hondakin-urak tratatzeko fabrika konbentzionalak ez dira diseinatu horrelako mikrokutsatzaileak desagerrarazteko; beraz, mikrokutsatzaile horiek, batzuetan, ez dira erabat desagerrarazten.

Substantzia horiek zerikusi zuzena dute gizartean oso hedatuta dauden jardunbide eta ohiturekin, hala nola komuna gaizki erabiltzea, askotan etxeko edozein hondakin-material botatzeko erabiltzen baita.

Sentsibilitate ekologikoa handitu egin den arren, gure ingurumen-sentsibilitatea apaltzen duten ‘balbuletako’ bat izaten jarraitzen du komunak, uste baitugu –gaizki uste ere– isurtzen ditugun hondakin guztiak digeritu eta suntsitzen dituela.

Azken batean, irtenbide teknologikoak bilatzeaz harago, beharrezkotzat jotzen da herritarren ohitura eta jardunbide desegoki horiei ekitea, arazo horri denok batera ekin behar baitiogu, eta, hor, prozesu honetan gako diren eragile nagusiek hartu behar dute parte, isurketak prebenitzeko eta etxeetako ohiturak aldatzeko, bai hirugarren sektorean, bai hirietako MikroETEetan.

 

 

 

camapna-no-alimentos

Campaña “No alimentes al Mostruo/ Ez elikatu Munstroa”

Proiektu horren barruan, haren helburuetako bi betetzearren (arazoa ezagutzera ematea eta herritarren kontzientziazioa sustatzea), 2016an, “No alimentes al Monstruo / Ez elikatu Munstroa” kanpaina jarri zen martxan. Asmoa da kanpaina horrek parabola gisa balio izatea, hondakinak (bereziki, paper-zapi higienikoak) komunetik isurtzeari lotutako ohitura eta jardunbide desegokietatik datozen ondorio tekniko eta ekonomikoez ohartarazteko, arazo handiak eragiten baitituzte saneamendu-sistemetan.

Helburua da gizartea gehiago kontzientziatzea, eta, horren ondorioz, jardunbide eta ohitura arduratsuagoak hartzea, jakinik komunak ez duela dena xurgatzen, eta, azken finean, herritarrek, sortutako arazoaren ardura-puntu bat izateaz gain, beren esku dutela konponbidearen zati handi bat, hots, ohitura desegokiak aldatzea, eta paper-zapi higienikoak zaborra gordetzera bideratutako ontzietara botatzea.

Kanpainak irudikapen grafiko ausart eta zirraragarri bat du erakarpen-gantxo gisa. Irudikapen horretan, munstro baten irudia agertzen da, komunetik isuritako hondakin guztiak jaten, eta horrek, nolabait, eragiten du saneamendu-sarea zenbait puntu kritikotan trabatzea eta buxatzea. Webgune aktibo bat du (www.munstrowc.eus), eta sare sozialetan dago (Facebook eta Twitter), komuna behar bezala erabiltzeari buruzko informazioa eta aholkuak emateko. Kanpainaren irudia eta mezua motion graphics formatuan egindako bideo batera ere ekarri dira. Bideo horren xedea da kontzientziazio- eta sentsibilizazio-mezua modu didaktikoan helaraztea, batetik, arazo horren inguruan eta, bestetik, hura konpontzeko gure eguneroko ohituretan egin beharreko aldaketa txikien inguruan.