Gipuzkoak Ekonomia Zirkularra bultzatzen du sektore biosanitarioko enpresen faktore bereizgarri gisa

  • Aclima Basque Environment Cluster-ek eta Basque Health Cluster-ek balio-kate biosanitario berri bat definitu dute, ekonomia zirkularrean oinarritua, funtsezko osasun-produktuak ekoitzi eta hornitzeko, koronabirusaren krisiak kanpoko hornidurekiko mendekotasuna agerian utzi ondoren
  • Lurraldeko adituek eta enpresek jasangarritasuna osasunaren industrian txertatzeko gakoak eta adibideak eman dituzte gaur, Donostian egin den jardunaldi batean.
  • Proiektu hau bat dator Europako Agenda 2030ekin eta Green Deal-ekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Zirkularrerako laguntzen esparruan garatzen da.

COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak agerian utzi ditu kanpoko hornidurekiko mendekotasunak eragindako ahuleziak; besteak beste, funtsezko osasun-produktuen kasuan. Euskadin, azken urte eta erdian, eta osasun-arloan soilik, % 350 eta % 400 bitartean hazi da produktu-mota horren kontsumoa; batez ere, babes-materialak, hala nola maskarak, eskularruak, PCR-testak eta txertatze-kitak, beste osasun-produktu batzuen artean. Horiek birziklatzen zailak dira, fabrikatzeko erabiltzen diren produktu eta materialak direla eta.

Aclimak —Euskal Ekoindustriaren erreferentzia eta aglutinatzailea den klusterrak— eta Basque Health Cluster-ek —Euskadiko osasunerako zientzia- eta teknologia-enpresen klusterrak— adierazi dute beharrezkoa dela, batetik, “0 kilometro”ko osasun-industria bat, produktu-mota horren hornidura bermatuko duena, eta, bestetik, produktuek ekonomia zirkularraren parametroak betetzea, balio-kateko fase guztietan jasangarritasun-parametroak aintzat hartuz.

Azken urtean, elkarrekin lan egin dute, osasun-arloa eta ekoindustria integratzeko aukerak identifikatzeko. Lan horren ondorioak gaur aurkeztu dituzte Donostian. Jardunaldian, lurraldeko adituek eta enpresek ere parte hartu dute, eta helburu hori lortzeko lehen urratsak egiteko gakoak eta adibideak eman dituzte. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntza du, eta bat dator Agenda 2030en eta Europako Green Dealen helburuekin. Izan ere, horiek ekonomia jasangarrirako bide-orri bat proposatzen dute, ingurumenaren arloko erronkak aukera bihurtzeko.

Klusterrekin batera, proiektu honetan bioosasunaren eta ingurumenaren sektoreko Gipuzkoako eragile hauek hartu dute parte, besteak beste:  osasun-produktuak ekoizten dituzten enpresak, hala nola Bexen Medical, Wolfratex eta Mizar Additive; osasun-produktuak banatzen dituzten enpresak, hala nola Celulosas Vascas; hondakin sanitarioak kudeatzen dituztenak, hala nola Elirecon eta Sterile Services; eta Asunción eta IMQ ospitale pribatuak, OSAKIDETZA, Donostialdeko ESIa eta Donostiako Unibertsitate Ospitalea.

 

Osasun-industria tokikoa eta jasangarria

Azken urte eta erdian, Gipuzkoako industriak erreakzio-ahalmen handia izan du osasun-produktuen garapena bultzatzeko eta osasun-sistemara bideratzeko. Adibidez, 2019an maskararik ez ekoiztetik 140 milioi ale baino gehiago ekoiztera pasatu da urtebetean, osasun-produktu mota horren inguruan negozio-lerro berri bat ireki duten enpresen ekimenari esker. Xiringen kasuan, 2019an, ekoizpena ez zen iritsi 1,3 milioi alera; aurten, berriz, 11,7 milioi inguru ekoitzi dira, txertaketari erantzuteko.

Olga Martín Aclimako zuzendariak, jardunaldian egin duen hitzaldian, azpimarratu du beharrezkoa dela beste urrats bat ematea; izan ere, “krisiaren ondoren, albiste eta ebidentzia guztiek adierazten digute ezen, suspertzeko, garrantzitsua dela ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren printzipioak kontuan hartzea, eta horrek dibertsifikatzeko eta kate berriak sortzeko aukerak ekar ditzakeela, bioosasunaren eta ingurumenaren aukerak balio-katearen zenbait etapatan sor baitaitezke”. Hau da, kontua ez da soilik Gipuzkoan produzitzea, baizik eta prozesu osoan ingurumen-ikuspegia txertatuta ekoiztea.

Ildo horretatik, María Pascual de Zulueta Basque Health Clusterreko zuzendariak zehaztu duenez, “produktuaren diseinuan, paketatzean, lehengaien aukeraketan nahiz logistikan edo produktuak berrerabiltzeko aukera ematen duten teknologien garapenean” hobekuntzak egin daitezke esparru horretan.  Hain zuzen, proiektuaren emaitza gisa, Aclimak eta Basque Health-ek balio-kate biosanitario zirkular berri bat definitu dute. Kate horretan, oinarrizko osasun-produktu jasangarriak fabrikatzeko etapetan, ingurumena eta ekonomia zirkularraren alderdiak sartzen dira.

Bestalde, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak hau adierazi du: “Jardunaldi honek eta berarekin dakartzan proiektuek guztiz bat egiten dute gure ikuspegiarekin, gure lehentasunekin eta eraiki nahi dugun Gipuzkoarekin. Hortik gure babesa. Izan ere, ordezkatzen dituzten bi sektoreek, ingurumenak eta bio-osasunak, pisu handia dute gaur egun gure ekonomian, eta ekarpen handia egiten diote BPGd-ari, eta horrek, ziur aski, gora egingo du, funtsezkoak baitira etorkizunari begira ere. Hurrengo hamarkadak markatuko dituzten hiru trantsizio handi daude: digitala, ekologikoa eta soziala, azken hori aldaketa demografikoari, osasunari eta zainketek hartuko duten garrantziari lotuta. Trantsizio horietako bi hemen daude ordezkatuta, eta horrek ekimen honen garrantziaren ideia ematen du. Bi lan-esparru horiek berebiziko garrantzia izango dute gure sare ekonomikoa indartzeko eta eraldatzeko, indartsuagoa eta iraunkorragoa izan dadin. Mundu hobea eraikitzea ahalbidetuko digun eredu baterantz joateko, Gipuzkoatik eta Euskaditik, pertsonak ardatz hartuta. Izan ere, ez dezagun ahaztu, ingurumena eta bio-osasuna zeharkako bi ardatz direla, eta gure jarduera ekonomiko gehienetan eta pertsonen bizi-kalitatean eragina dutela”.

Gaurko jardunaldian, proiektuan parte hartu duten zenbait enpresa eta erakundetako ordezkariek ere esku hartu dute, hala nola Ainara Martínez MIKeko kideak (MIK – MONDRAGON Korporazioaren Kudeaketarako Ikerketa Zentroa, Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien fakultatera atxikia). Borja Anzak, BEXEN MEDICALekoak, ere parte hartu du, eta azaldu du nolakoa den pandemia betean negozio-lerro berri bat irekitzea; Mª José Barriolak, TKNIKAkoak, azaldu du zer garrantzitsua den osasun-arloko materialen ziurtapena, zehazki pandemian maskaren ziurtapenak baliozkotzea; Miren Urzelaik, MIRANDAOLA SERVICIOS AMBIENTALESekoak, osasunaren sektorean ingurumen-hobekuntzako praktikak txertatzeko aukerak azaldu ditu; Regina Martínez Asunción klinikako ordezkaria pandemiaren inpaktuaz eta ospitale-ingurunean ingurumena zaintzeko ekintzei buruz aritu da; eta, Esther González ELIRECONeko kideak osasun-hondakinen kudeaketarako gakoak zein diren azaldu du. Hitzaldien ondoren, workshop bat egin da, eta, bertan, jardunaldian parte hartu duten 30 erakundek baino gehiagok identifikatutako aukerak aztertu eta lankidetza-proiektuak sustatu ahal izan dituzte.

 

Euskadiko osasun- eta ingurumen-sektoreen erradiografia

Osasunaren arloan diharduten 200 konpainia baino gehiago daude Euskadin, eta unibertsitate eta ospitaleekin lankidetzan diharduten zenbait zentro aitzindariak dira Espainia mailan. Haietatik, 94 erakundek baino gehiagok ikertzen dute bioteknologian, eta barne-gastuaren erdia baino gehiago inbertitzen dute I+Gan. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore bioteknologiko enpresariala enpresa txiki eta ertainek osatzen dute nagusiki; langile kualifikatu asko dituzte eta konpromiso eta inbertsio-ahalegin handia dute ikerketan, eta nagusiki osasunarekin lotutako produktu eta zerbitzuak garatzen dituzte. Guztira, 8.000 langile dira. 2020an, sektoreko enpresek 1.668 M euro baino gehiago fakturatu zituzten, Euskadiko BPGaren % 2.

Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkarteko (Aclima) enpresek 2.101 milioi euro fakturatu zituzten Euskadin 2020an ingurumenaren arloan. Hori guztia, 2019ko enplegu-mailari eutsiz eta 2021erako hazkunde txiki bat aurreikusten dela. Hala, EAEko ingurumen-sektorea Euskadiko BPGaren % 5 inguru izatera iritsi da, eta badirudi hazten jarraituko duela eta lehiakortasun-palanka izango dela COVID-19aren ondorengo susperraldi ekonomikoan gainerako sektoreentzat. Sektorearen barruan, hondakinen eta bigarren mailako lehengaien kudeaketaren balio-katearen ordezkaritza handia dago: kudeatzaileak, ekipamendu-fabrikatzaileak eta balorizatzaileak.

 

Aclimari buruz

Aclima euskal ekoindustriaren erreferente eta topagunea da, eta sektore pribatua (industriak eta zerbitzuak), ezagutzaren arloa (unibertsitateak eta zentro teknologikoak) eta sektore publikoa ordezkatzen ditu balio-kate hauetan: hondakinak, lurzoru kutsatuak, uraren ziklo osoa, klima-aldaketa eta biodibertsitatea eta ekosistemak. Besteak beste, ingurumen-sektoreko enpresei lehiakortasuna hobetzen laguntzea du helburu, negozio-aukera berriak identifikatuz eta karakterizatuz, eta berrikuntza eta nazioarteko posizionamendua bultzatuz, betiere lankidetzaren ikuspegitik.

Basque Health Clusterri buruz

 Basque Health Cluster irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta helburu hauek ditu: enpresa kideen interes komunak koordinatzea, ordezkatzea, kudeatzea, sustatzea eta defendatzea, administrazio publikoekin eta biozientzien eta osasunaren alorreko beste erakunde batzuekin lankidetzan, eta bere kideei eta Euskal Autonomia Erkidegoko biozientzien eta osasunaren sektoreari garatzen, hazten eta nazioartekotzen laguntzea.Bioosasunean lan egiten duten 150 euskal enpresetatik 70 biltzen ditu klusterrak. Klusterra plan estrategiko berria prestatzen ari da, talentua erakartzean, finantzazioa hobetzean, nazioartekotzean eta lankidetza publiko-pribatuaren sustapenean oinarrituta.

Posts Relaccionados

Posted by aclimaadmin | 22 martxoa 2024
La Asociación de Industrias y Empresas Fabricantes de Áridos de Euskadi EUSKAL ÁRIDO y ACLIMA, el Clúster de Empresas del Medio Ambiente de Euskadi, han firmado un convenio, según el...
Posted by aclimaadmin | 22 martxoa 2024
El pasado miércoles 20 de marzo, Aclima, Basque Environment Cluster celebró la jornada “Empleo Sostenible a través de la Transición Ecológica” en la que se presentaron los avances  en la...
Posted by aclimaadmin | 22 martxoa 2024
El pasado martes 19 de marzo, Aclima, Basque Environment Cluster y el Consorcio de Aguas de Bilbao Bizkaia celebraron una nueva jornada bajo el título de “Digitalización y modelo eficiente...