REPAPEL proiektuak balio erantsi handiko soluzio berriak lortu ditu papergintzan zirkulartasuna areagotzeko

Posted by aclimaadmin | 14/02/2024 | Aclimari buruzko albisteak

Ekimenak Europako funts batzuk jaso ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa ere jaso du SPRIren bidez. Papergintzako hondakinak balorizatzea lortu du zenbait sektoretan erabiltzeko, hala nola eraikuntzan, uren tratamenduan eta industria kimikoan.

Repapel

Lehengai birjinak edo berriztaezinak ordezkatuz karbono-aztarna txikiagoa duten produktuak lortzea, edo CO2-a produktuan bertan xurgatzea dira REPAPEL proiektuak lortutako emaitza nagusiak. REPAPEL proiektua, paperaren, eraikuntzaren, uraren eta kimikaren sektoreetako 11 euskal enpresaren partzuergo batek 3 urtez baino gehiagoz lan egin ondoren amaitu da, eta Aclima ingurumenaren euskal klusterraren, Euskadiko Paperaren Klusterraren, Tecnaliaren eta CEITen lankidetza eta laguntza izan ditu. Papergintzako REPAPEL proiektuan probatu eta balioztatutako soluzio berriek, zeinek proiektuan parte hartzen duten gainerako sektoreak ere inplikatzen baitituzte, sektorearen zirkulartasuna areagotzea lortzen dute. Gaur egun, kontsumitutako paper eta kartoiaren % 78 baino gehiago birziklatzen du sektoreak.

2021ean hasi zenetik, REPAPEL proiektua industria-ikerketako jardueretan eta garapen esperimentalean zentratu da papergintzako bost hondakin-korronte balorizatzeko, 3 arlo nagusitan. Lehenik eta behin, laborategiko eskalan ebaluatu da lehengaiak erauzteko eta orea eta papera ekoizteko prozesuetan sortutako hondakinak tratatzeko teknologien errendimendua. Bestalde, zenbait industria-produktu berriren bideragarritasuna ere ebaluatu da, erauzketa- eta tratamendu-prozesuetan lortutako lehengaietatik abiatuta. Gainera, papergintzako azpiproduktuen kudeaketan erabakiak hartzen laguntzeko tresna bat diseinatu da.

Hiru urte hauetan egindako lan handiari esker (4,5 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Eusko Jaurlaritzak babestu du SPRIren HAZITEK programaren bidez), lehengai birziklatuetan oinarritutako industria-produktu berriak formulatu eta probatu ahal izan dira. Hain zuzen ere, eraikuntzarako saiakuntzak egin dira errauts karbonatatuetatik eta kareharrizko lohietatik lortutako hormigoi aurrefabrikatuekin eta ligninan oinarritutako bioligatzaileetatik lortutako nahasketa bituminosoekin. Uren tratamenduan eta garbiketa industrialean erabiltzeko malutatzaileak eta tentsioaktiboak diseinatzeko oinarri gisa ere baliozkotu da lignina. Ingurumenari eta ekonomia zirkularrari dagokienez, birziklatzea eta lehengai berriztagarria nabarmen gehitu dira, eta lehengai birjinen erabilera eraginkorragoa eta murriztaileagoa izatea ahalbidetu da.

Ekonomia zirkularra eta karbono gutxikoa

REPAPELek lortu du papergintzan sortutako zenbait hondakin sektore bererako eta lehen aipatutako industria-eremurako baliabide eta lehengai bihurtzea. Elkarlaneko ikerketa honetako lanek beste urrats bat eman dute planetaren egungo beharrei erantzungo dien ekonomia gero eta zirkularrago baten garapenean. Alde horretatik, proiektu honek eta antzekoek ekarritako soluzioak aurrera ari dira egiten karbono gutxiko ekonomia berri baterantz, hain zuzen ere Dubain klimari buruz egin den azken goi-bileran 2050era arte erregai fosilak pixkanaka-pixkanaka desagertzea onartu denean.  Ekimen hau Europako Itun Berdearen filosofiaren barruan sartzen da. Itun horrek ekonomia gero eta zirkularrago baterako trantsizioa bizkortu nahi du, urte horretan bertan klima-neutraltasunaren helburua lortzeko.

Ekimenak hondakinak sortzea saihestu nahi izan du, kalitatezko eta balio erantsi handiko lehengai bihurtzeko. Proiektuak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) laguntza izan du, eta beste urrats bat da zero isuriaren erronkari aurre egiteko, ohiko balorizazio-bideen alternatibak bilatuz, funtsezko alderdia baita Europar Batasunak ezarritako lehiakortasun- eta jasangarritasun-helburuak betetzeko.

Lan horiei esker, gaur egungo balio-kate osoa integratzea ere lortu da: ore- eta paper-fabrikatzaileak, hondakinak tratatzeko enpresak eta sektore kimikoko industria eraldatzaileak, ingeniaritza-enpresak eta eraikuntza-enpresak. REPAPEL erabakiak hartzeko tresna baten garapenarekin osatu da. Tresna hori lagungarri izango da papergintzaren sektoreko enpresentzat, beren hondakinak eta azpiproduktuak balorizatzeko aukerarik onenak hautatzeko.

Proiektuaren partzuergoa

REPAPEL proiektuaren partzuergoa ONDOAN S.Coop. ingurumen-ingeniaritzaren eta -aholkularitzaren arloko enpresa liderrak gidatu du, eta nazioartean sektoreko erreferente diren bi enpresa ere izan ditu: bata, ore- eta paper-fabrikatzaile integratua da, Kraft eta SMURFIT KAPPA Nervión enpresek osatua, eta bestea, ZUBIALDE errendimendu handiko paper-orearen fabrikatzailea. Ingeniaritza eta ingurumen-arloan erreferente diren enpresak (ONDOAN, TSK eta EKOTEK), hondakinen tratamenduaren arlokoak (AGALEUS), asfaltoaren arlokoak (CAMPEZO eta ASFALTIA), hormigoiaren arlokoak (P. ETXEBERRIA) eta kimika-arlokoak (FERALCO eta BIOSYNCAUCHO) ere izan ditu, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko 2 eragilerekin lankidetzan (TECNALIA Research & Innovation eta CEIT), eta EUSKADIKO PAPERAREN KLUSTERRAREN ETA ACLIMA BASQUE ENVIROMENT CLUSTERen laguntzarekin.

Posts Relaccionados

Posted by aclimaadmin | 26 apirila 2024
¡Estamos ilusionados de presentaros la serie de videos #ComunidadAclima, una iniciativa en la que exploraremos soluciones sostenibles de nuestras empresas socias para enfrentar los desafíos ambientales actuales! En esta ocasión, nos...
Posted by aclimaadmin | 26 apirila 2024
Ciudades más habitables con ayuda de la IA “La gestión de ruido en las ciudades está cobrando una relevancia muy importante en la definición de todas las políticas públicas”, señala...
Posted by aclimaadmin | 26 apirila 2024
El pasado 18 de abril Aclima, Basque Environment Cluster participó en la Conferencia Final del proyecto ORIENTING celebrada en Bruselas con motivo del Congreso Mundial de Economía Circular 2024 (WCEF2024)....