EAEko 8 enpresak eta erakundek metodologia berri bat garatu dute plastiko-aztarna kalkulatzeko eta plastiko-hondakinetatik abiatuta produktu berriak sustatzeko
Bilbon, 2023ko martxoaren 14an. – EAEko 8 enpresa eta erakunde I+G FOOTPLASTIC proiektuan ari dira lanean. Proiektu horren bidez, soluzio integral bat bilatu nahi dute, plastiko-hondakinak baliabide gisa hein handiagoan erabiltzeko. Izan ere, 2020ra arte, material horren % 14 baino ez zen birziklatzen Europan, eta, urte hartan, 24,5 milioi tona plastiko-hondakin baino gehiago sortu ziren. Ekimena 2023aren amaieran bukatuko da, eta erantzun zirkular bat ematean oinarritzen da, 360graduko trazabilitatea, kontsumoaren ondorengo eta prozesatze industrialaren aurreko eta ondorengo plastiko-hondakinen birbalorizatzea eta produktu zirkular berriak fabrikatzea lortzeko. Planteamendua lagungarria izango da Europako Batzordearen helburua lortzeko, hots, 2025 eta 2030 urteen artean urtean 10milioi tona polimero birziklatzera edo berrerabiltzera iristeko. Proiektua izaera lehiakorreko ikerketa- eta garapen- proiektuak sustatzeko enpresen I+G arloko Hazitek laguntza-programak finantzatzen du. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren finantzaketa ere jasotzen du, eskualde- garapenerako 2021-2027 Europako funtsaren bidez (FEDER).