Berrikuntza eta negozio jasangarri berrien bultzada, Aclimak antolatutako laugarren Basque Greentech Foroaren protagonistak

- Topaketan, soluzio zehatzen bidez Trantsizio Ekologikoaren erronkak lantzen dituzten ingurumeneko berrikuntza teknologikoko 15 proiektu aurkeztu dira, gai hauen inguruan: ‘Hiri eta komunitate jasangarriak’ (11. GJHa), ‘Ur garbia eta saneamendua’ (6. GJHa), ‘Ekoizpen eta kontsumo arduratsua’ (12. GJHa) eta ‘Klimaren aldeko ekintza’ (13. GJHa).
- ‘Green UPS!’ Foroaren espazio berriari esker, ekintzaileek eta startupek euren proposamenak inbertitzaileen eta enpresen aurrean erakutsi ahal izan dituzte, lankidetza baliabideetarako eta sareetarako sarbidea erraztuz.
Aclima, Basque Environment Cluster-ek, ingurumen arloko berrikuntza teknologikoarekiko konpromisoa sendotu du BAT B Accelerator Tower-en urtarrilaren 30 eta 31n egin den Basque Greentech-en laugarren edizioan. BATekin lankidetzan antolatutako foro horrek 180 parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu erakundeetako ordezkarien, enpresen, startupen eta ingurumen sektoreko funtsezko eragileen artean. Jardunaldietan eredu jasangarrirako trantsizioan euskal ekoindustriaren lidergoa erakusten duten 15 proiektu aurkeztu dira. Horrela, topaketari esker, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) erlazionatutako soluzio berritzaile zehatzak gertutik aztertu ahal izan dira, eta ‘Hiri eta komunitate jasangarriak’ (11. GJHa), ‘Ur garbia eta saneamendua’ (6. GJHa), ‘Ekoizpen eta kontsumo arduratsua’ (12. GJHa) eta ‘Klimaren aldeko ekintza’ (13. GJHa) izeneko erronka globalei heldu zaie.
Gainera, ‘Green Ups!’ izeneko foroaren espazio berriari esker, ekintzaileek euren proposamenak erakutsi ahal izan dituzte inbertitzaileen eta enpresen aurrean, baliabideetarako eta lankidetza sareetarako sarbidea erraztuz, hala nola Aclimak sustatutako ingurumen sektorean espezializatutako inbertitzaileen sarea, Red Eban Green Investment.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, ekitaldiari hasiera eman dion Josu Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea; Ainara Basurko eta Arantza Atutxa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak, hurrenez hurren; Xabier Caño eta Olga Martín, Aclimako presidentea eta zuzendari nagusia; eta Ricardo Díez Muiño, Donostia International Physics Centerreko zuzendaria. Azken horrek teknologia kuantikoek ingurumenaren testuinguruan dituzten aukerei buruzko hitzaldi inspiratzailea eman du.
Atzo egindako lehen jardunaldian, mahai inguruekin eta proiektu eta soluzio zehatzen aurkezpenarekin hasi aurretik, Maider Garcia de Cortazar Tecnaliako metalen arduradunak metal kritikoekin eta metalurgiak trantsizio ekologikoan duen rolarekin erlazionatutako aukerak aurkeztu zituen.
Garbiñe Manterola Knowledge Transfer Manager BRTAk, moderatutako “Hiri eta komunitate jasangarriak” 11. GJHa jorratzeko blokean hainbat proiektu nabarmendu ziren, hala nola SERCONTROLek sustatu duen eta hiri mugikortasun jasangarria planifikatzeko metodologiak garatzen dituen HANDIA-PLAN; Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetza buru den eta “leihatila bakarreko” sareen bitartez bidezko energia-trantsizioa ardatz duen BIRTUOSS; AACen eskutik datorren eta trenbide azpiegituretako bibrazioa eta zarata ebaluatzen dituen VIBRATREN tokiko iragarpen eredua; eta zarataren inpaktuaz kontzientziatzeko plataforma sartzen duen GESTIONETen NOISETECH.
Bestalde, David Escobar iAguako eta Smart Water Magazineko bazkideak moderatutako “Ur garbia eta saneamendua” 6. GJHari buruzko blokean hiru proiektu garrantzitsu aurkeztu ziren. Lehenengoa, DIGITAP, CIMASek aurkeztua, uraren zaintza eta hornidura optimizatzen duen plataforma digital bat da. Bestalde, GAIAren eskutik etorri zen AH2ORAk, aztarna hidrikoa erabiltzen du nekazaritza sektoreko ureztapena hobetzeko. Azkenik, ANBIOTEK buru den CYANOBLOOMek alga toxikoen loratzea detektatzeko eta kudeatzeko tresna aurreratua eskaintzen du.
Maria Garcia Flecha Ihobeko Estrategia eta Berrikuntza zuzendariak moderatutako “Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak” 12. GJHa ardatz duen blokea hainbat proiektuk eta berrikuntzek osatu zuten, hala nola lehengai berriak lortzeko plastikoen birziklatze kimikoa aztertzen duen eta SENER buru den BIRPLAST ikerketa; biltegietan adimen artifizialaren bidez eragiketak optimizatzen dituen VI4CRANEren CIRCULAR PIT; mugaz gaindiko arloetan ekonomia zirkularreko teknologiak hedatzen dituen ORHI+, SAIOLANen eskutik; eta material konposatuen eta plastiko konplexuen zirkulartasunerako berrikuntza ekosistemak garatzen dituen GAIKERen CÍCLICOM.
Azkenik, M.ª Jose Sanz BC3ko zuzendari zientifikoak moderatutako “Klimaren aldeko ekintza” 13. GJHan zentratutako blokeko proiektuak hauek izan ziren: energiaren industria intentsiboetan deskarbonizazioa sustatzen duen DCARTECH, Energiaren Klusterrak bultzatua; karbono-nekazaritzako merkatuak ezartzen lan egiten duen NEIKERek garatutako CO2FARM; karbonoa atzitzeko, biltegiratzeko eta erabiltzeko sare baterako CO2CAPTURE estrategia teknologikoa, Aclimak bultzatua; eta energia iturri berriztagarriak integratzeko sistema integratuak diseinatzen dituen DEUSTOTECHen IdesignRES.
Lehen jardunaldian networking guneak eta B2B topaketak ere izan dira, enpresek eta startupek lankidetza aukerak aztertu ditzaten. Xabier Cañoren hitzetan, foro honek “indartu egiten du Euskadik ingurumenaren arloko teknologiaren esparruan duen rola, zientziaren, industriaren eta erakundeen arteko lankidetzaren benetako inpaktua erakutsiz”.
Lehen zikloaren itxieran, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak hartu du parte, eta nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak “ekonomia oparoa eta gizartearen ikuspegitik aurreratua duen Bizkaia berdeagoaren alde” egingo duela lan. “Hauek dira gure agindu planak jasotzen dituen ekintzetako batzuk: foru eraikinetan energia berriztagarrietan inbertitzeko foru jarduketa plan bat, parke mugikorreko flota baten ordezkapena, garraio publikoaren elektrifikazioa, led argien aldaketa errepide sarean, espezie babestuen kontserbazioa…”. Modu berean, teknologiak eta berrikuntzak klima aldaketaren ondorioak arintzeko funtsezko zeregina dutela gaineratu du.
Ekintzailetzarako gunea eta Green Ups sariak
Gaur ‘Green Ups!‘ izenarekin egin den IV. Basque Greentech-en bigarren jardunaldiak startupen eta ekintzailetzaren lekua azpimarratu du, eta Euskadiko enpresa eta finantza ekosistemako eragile nabarmenak bildu ditu. Ildo horretan, Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak nabarmendu duenez, “teknologia berdeetan ekintzailetza bultzatzeko, Bizkaiak berrikuntza-ekosistema sendoa, laguntzeko tresna publikoak eta inpaktuko inbertsioa eskaintzen ditu, finantzaketa alternatiboaren eta tradizionalaren bidez”. “Bizkaiko Foru Aldundia gure industriaren deskarbonizazio prozesua bultzatzen ari da, eredu jasangarriagoetara birbideratuz”, gaineratu du.
Trantsizio ekologikotik sortzen diren inbertsio eta negozio aukerak nabarmendu dituen Olga Martin Aclimako zuzendari nagusiaren esparru-hitzaldiarekin hasi da. Martinen hitzetan, “berrikuntza teknologikoa eta ekintzailetza ez dira soilik klimaren erronkak bideratzeko tresnak, eredu ekonomikoa lehiakorrago, bidezkoago eta jasangarriago bihurtzeko tresnak ere badira”.
Jarraian, hiru mahai-inguru izan dira. Lehenengoak funts publikoek eta pribatuek trantsizio ekologikoan eragina duten proiektuak finantzatzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertu ditu. Ane Miren de Ariño Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotze zuzendariak moderatuta, funtsezko erakundeetako adituak bildu ditu, hala nola SPRI, Seed Capital Bizkaia eta BIC Arabakoak.
Beste une aipagarrienetako bat finantza sektoreak trantsizio ekologikoa bultzatzeko proiektuekin duen konpromisoa jorratu duen mahai ingurua izan da, Lexuri Elorriaga Lekue BASQUEFIKeko (Euskadiko finantza klusterra) zuzendari nagusiak moderatuta. Bertan, Kutxabankeko, ABE Capitaleko, Laboral Kutxako eta Caixa Bankeko arduradunek hartu dute parte.
Kapital pribatuari buruzko mahai-ingurua ere oso interesgarria izan da. Bertan, KIRA Ventures, EASO Ventures, EIT Climate-KIC Spain eta Net Zero Ventures erakundeetako ordezkariek hartu dute parte. Alex Sánchez Sastre Head of Startups B Accelerator Tower-ek moderatutako espazio horretan teknologia garbiak garatzen dituzten startupei bideratutako inpaktuzko inbertsio estrategiak, beraien soluzioak eskalatzeko startupak nazioarteko laguntza sareekin konektatzearen garrantzia, eta Euskadik ekintzailetza jasangarriko hub gisa duen erakargarritasuna aztertu dira.
Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeko Eduardo Garridok cleantech ekintzailetzari laguntzeko nazioarteko ekosistemei buruzko hitzaldia eman du, ekimen horiek arrakasta izateko sareko lana funtsezkoa delaren ideia indartuz.
Jardunaldia ‘I. Green Ups! Sarien’ banaketarekin amaitu da. Sari horiek, hazteko duten potentzialarengatik lehiaketara aurkeztutako startup berritzaileenak eta jasangarrienak saritu dituzte, eta, azkenik, sari bakarra eman dute.
Aclima, Basque Environment Cluster
Aclimak 139 bazkide ditu gaur egun, gehienak enpresak, baina badira beste erakunde publiko edo hezkuntza-erakunde eta elkarte batzuk ere. Klusterrak Euskadin ia 11.900 enplegu zuzen sortzen eta urtean 3.125 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituen sektorea ordezkatzen du. “Follow us” esloganaren pean, plan berriak euskal ingurumen sektorea etorkizuneko garapenerantz inspiratzea du helburu, eta Trantsizio Ekologikoaren protagonista eztabaidaezin gisa aurkezten du. Era berean, jasangarritasuna beren jarduera guztietan ezartzeko ikuspegi eta konpromiso integrala hartzeko bidean beste eragile batzuentzat itsasargia izan nahi du.
Bilbo, 2025eko urtarrilak 31



















